Festak eta ospakizunak

Karnabalak

Berezko inauterien aurreko larunbatean ospatzen dira. Goizean goiz, suro auzotik abiatzen da trikitixa eta panderoaz girotuta, baserriz baserriko puska biltzea. Ondoren, san roke elkartean zomorroen bazkaria. Arratsaldean zahagi dantza egiten da eta eguna amaitzeko, elkartean afari herrikoia egiten da, afal ondoko kultur emanaldiren batekin egun beteko egitaraua itxiz.

San Juan Gaua

Herri gehienetan bezala, san juan bezpera ekainaren 23an ospatzen da aranon. Sardin jatea izaten da herriko plazan eta, ondoren, sua egiten da frontoi atzeko zelaian.

Aranoko Fiestak: Santiyuk

“Santiyutan” dira aranoko festak eta, hortaz, uztailaren 25a da egun handiena. Egitaraua aldakorra izaten den arren, aurreko eta ondoko egunetan egitarauean honakoak aurki ditzakegu: txupinazoa, mus txapelketa, jubilatuen eguna (santa ana), herri kirolak, pilota partiduak… Eta azken urteetan ezagunenak, herriko feria eta arkume jatea.

San Roke Eguna

Abuztuak 16ean herritik gora dagoen San Roke ermitan meza izaten da. Egun honekin txistulari topaketa egiten da aranon, eta herria girotzen pasatzen dute goiza. Hamaiketakoa herritar ezberdinek ematen diete eta eguna kontsejun bazkari batekin borobiltzen dute. Pilota partiduak ere izaten dira meza ondoren.

San Martin Eguna

San Martin da herritar askoren festa kuttunenetakoa. Arratsalde bateko festa izaten da, azaroaren 11 inguruko larunbat batean. Ahal dela, herritarren borondatez kultur ekitaldiren bat eskaintzen da, edo bestela herriari buruz. Iluntzean, elkarteko arkupean, taloak egiten dira herritar guztien gozamenerako.

Olentzero

Abenduaren 24ean herriko ume eta gaztetxoek elkarlanean egindako olentzeroa bizkarrean hartu eta herri guztiko baserrietara bisita egiten dute gabon kantak kantatuz. Azkenean, herrira iristean, elkarrekin bazkaltzen dute.